Biologian graduatua (EHU) eta Ingurugiroaren Agrobiologian masterra (EHU) eginda, gaur egun, ‘berpizte-landareen’ inguruko doktorego-tesia egiten ari naiz. Klima-aldaketaren egungo egoeran, landareek gero eta ohikoagoak eta biziagoak diren tenperatura eta lehortze handiei aurre egin behar diete. Horri helduta, oso ur-eduki gutxiko denboraldi luzeak jasateko eta ureztatu ondoren azkar berpizteko gai diren landareak ditut aztergai. Ingurumen-estresekiko tolerantzia-mekanismoen azterketan gehiago sakonduz, eta espezieen ezaugarri filogenetikoak, geoklimatikoak, habitatarenak eta morfologikoak identifikatuz, muturreko baldintzetan bizitzak nola jarrai dezakeen ulertzea nahi dut.